XI. kapitulua

Campomarreko kargalekua

XIX. mendeko azken hamarkadara arte guztiz zaila izan zen burdin mea itsasontzien bidez esportatzea. Zatitu Gabeko Mendietako meatze ustiategiek bazituzten mea botatzeko gordetegi handiak Ortuellan eta Trianoko meatze-trena minerala Galindo ibaiaren bokalean zeuden itsasadarreko kargalekuetaraino garraiatzeko. Hala ere, bertaraino heltzen ziren itsasontziak tona gutxikoak ziren eta lemariek gidatu behar zituzten (lemari edo lemazain hauek Zierbenako eta Santurtziko ontzietan arraunean ibiltzen ziren lehen praktikoak ziren), 1900. urtera arte, hau da, Evaristo Churrucaren kaien obra handia egin arte, Portugaleteko areazko barra ezin izan zutelako menpean hartu.

Gainera, Trianoko Mendietatik mendebaldera, hau da, Barbadún ibaiaren arroan eta Sonabiarainoko Kantabria ekialdean zeuden meatzeak ustiatzen zituzten konpainiak Galindoko eta Santanderreko badiako ontziralekuetatik urrutiegi zeuden eta, horrexegatik, mea ontziratzeko euren lekuak bilatu behar izan zituzten. Baina kostaldean ez zegoen inolako leku babesturik eta Kastro Urdialesko portu bakarrak ez zeukan sakonera nahikorik.

XIX. mendeko 70.eko hamarkadaren amaieratik aurrera, Karlistada bukatutakoan, ondo babestutako lekuak bilatu zituzten eta ontziratzeko kaiak sortzen saiatu ziren. Arrapala haiek itsasoko uretaraino sartzen ziren eta, gehienbat emakumeek eta umeek egindako lanaz baliatuz, txalupa handiak eta gabarrak otarrekin kargatu ahal izan zituzten. Geroago, inguruetan, sakonera nahikoa zuten guneetan eta itsaslabarretatik pixka bat urruti, ainguratutako itsasontzietara aldatzen zuten mea.

Horrelako prozedura geldoa zen eta koste handia zekarkien, eta, gainera, arriskutsua zen itsasoa nahasita zegoen egunetan, baina 1880.eko hamarkadan askotan erabili zuten, batez ere Dícido Iron Ore konpainiak. 1886an, enpresa honek Mioñoko Dícido hondartzan hariko piloteen gainean ontziratzeko kai handia eraiki zuen eta ia hamarkada batez iraun zuen jardunean, 1894ko abenduaren 30ean galerna batek hondatu zuen arte.

Cantabrian, haren jabetzako meatzeetarako kargalekua Santanderreko badian zeukan José McLennanek Pobeña minerala ateratzeko portu “garrantzitsu” bihurtu zuen. Pobeñako Sokorru ermitaren azpiraino Amalia Vizcaína meatzetik eta hurbileko beste meatze batzuetatik heltzen zen burdin mea txalupa handietan eta gabarra txikietan kargatzen zuten, eta ibaian gora San Juan porturaino edo hondartzaren aurrean ainguratuta zeuden tona gutxiko itsasontzietaraino eramaten zuten. Baina, dirudienez, lehenengoz, arrapala batekin saiatu zen Gazteluko ingurunean. 1877ko abuztuan, El Noticiero Bilbaíno egunkariak geroago eraikiko zuten kargaleku handiarekin inolako zerikusirik ez zuen berri bat argitaratu zuen. Horrela zioten: «… orain dela gutxi, McLennan Jaun adimentsu eta langileak eraiki du hau, eta esandako puntu honetan atzo bandera ingelesa zuen Mizpal izeneko lehen baporea kargatu zuten, segurtasun osoarekin eta sei orduko denbora laburrean 400 tona kargatzeko lana guztiz burutu zuten. Entzun dugunez, bai gidatu eta amarratu zuen Eusebio Carranza praktikoak, bai esandako baporeko kapitainak adierazi dute kargalekuak itsasontziei berehala zerbitzatzeko oso baldintza onak dituela eta atzo, itsasoa zakar bazegoen ere, eta horregatik txalupa handiak ezin izan ziren Somorrostrotik abiatu, baporeak erabateko erraztasunarekin eta segurtasunarekin kargatu zuela…». Berri honek pentsarazten digu hura ez zela orain dela gutxi arte ezagutu dugun kargalekua, azkenean hau neke handiz eta denbora luzean eraiki behar izan zutelako eta ezin izan zuten inola ere Karlistadaren bitartean eraiki.

Gainera, 1875ean, Revista de Obras Públicas aldizkariak kostaldeko planoa argitaratu zuen eta bertan Cobaronetik Pobeñako ermitako kargaleku txikiraino minerala ateratzeko burdinbidea erakusten zuen, baina ez zion inolako erreferentziarik egiten itsasertzean izan zitekeen inolako kargalekuari. Zalantza hauei XIX. mendearen amaieran jaiotako pobeñarren lekukotasunak gehitu behar zaizkie eta hauek berresten digute «eraikitzen saiatu zen lehen kargalekua Gazteluan zegoela, eskumatara, Rincón bazterraren aldean, azkenean denborale batek eraman zuen pasabide luze bat». Ezin izan ditugu lekukotasun hauek baieztatu, baina azalduko ziguten zergatik eraiki zuten hain azkar, 1876 eta 1877 urteen bitartean, ontziratzeko lehen kaia itsasertzean, itsaso zabalari begira, eta bertan Mizpal baporea kargatu zuten.

Ontziratzeko-kaiek problema ugari zituzten: maniobren denbora luzea, karga edukiera txikia, langile kopuru handia eta arrisku handiak. Horregatik, konpainiak beste aukera batzuk bilatzen hasi ziren. Esate baterako, berriro José McLennan ingeniari gogotsu eta azkarrak lehen cantilever ontziralekua eraiki zuela diote; horrelakoa itsaslabarrei fabrika-obraren bidez lotutako plataforma bat zen eta itsasmailaren gainetik hegan egiten zuen.

Vizcaya-Santander Mining Company izeneko enpresak zurezko eta burdinazko kargaleku bat eraiki zuen, garaiera ezberdinetako plataforma birekin. Horrela konpondu zituzten lehengo problemak, kargaren edukiera handitzeko, maniobratzeko denbora nabarmenki murrizteko eta ustekabeko galernek itsasontziei zekarzkieten arriskuak baztertzeko.

Ez dakigu noiz eraiki zuten Campomarreko Gazteluko Kargalekua, baina geroan Sonabiarainoko itsasertz osoan eraiki zituzten antzeko kargalekuetarako eredu izan bazen, 1888 baino lehenagokoa izan behar da, urte horretan Setaresko Meatze Konpainiak Saltacaballos Puntan ainguratutako beste cantilever bat altxatu zuelako, eta 1884 urtearen ondorengoa, orduan Gabriel McLennanek «Somorrostroko itsasadarrean kargaleku bi eta mineralaren gordetegia» eraikitzeko baimena lortu zuelako.

Bizkaiko burdin-hobien gaineko azterketa batzuk idatzi zituen William Gill egileak 1896an horrela deskribatu zuen José McLennanen kargalekua: «Kaiak zurezko eta burdinazko maila bi dituen plataforma da, honi erantsitako isurbide inklinatu batekin, harlangaitzezko kai batean instalatuta, eta kanpoalderantz begira proiektatuta, haren azpian bapore itsasontzi bat lehorreratu ahal izateko distantzia nahikoarekin. Plataformaren altuera itsasgorako itsasmailatik 16 metrokoa da. Itsaslabarraren bukaeran, 3.500 tona burdin mea hartzeko gordetegi bat dago, eta bertatik bagonetak maila bitan kargatu ditzakete. Sistema honen helburua bagonetak maila bietatik aldi berean deskargatzea da eta, horrela, minerala ateratzeko orduan bikoitzaren deskarga lortzea.

Goiko plataforman, mineralez betetako bagonetak gordetegitik isurbidera zirkuluan mugitzen dira eta gordetegira berriro itzultzen dira, beste edozein maniobra ekidinez, eta horrela, itsasontzian mineralaren isuria etengabe botatzea lortzen dute. Modu honetan, 2.260 tona hamar ordutan kargatu dituzte».

Haren eraikuntzari dagokionez, ezinbestekoa zaigu Hilario Cruzen urratsen atzetik joatea. «Crónicas de Pobeña» liburuaren idazleak, praktikoen seme eta biloba zela eta, informazio zehatzak ematen ditu. Data zehatzik aipatzen ez badu ere, lekukotasun argia ematen digu oraingo kokalekuan obra egin izanari eta eraikuntzan agertutako arazoei dagokienez: «Hormatzarren oinarriak ezartzea ez zen lan erraza izan, bertan itsasoaren olatuak etengabeki lehertzen direlako, kargalekua bera osatzen zuen burdinazko eta zurezko aparamen osoa iltzatzeko euskarri izateaz gain. Sarritan gertatzen zitzaien egunetan neke handiz altxatutako obra, bat-bateko eguraldi aldaketen eraginez, itsasoak ordu gutxitan suntsitzen zuela, horrelako lanak burutzeko garairik aproposenak aukeratzen zituzten arren».

Gertakari hauek erakusten dizkigute obraren konplexutasuna eta, zailtasun guztien gainetik lana burutzeko tematuta, ingeniari baten ausardia. Hilario Cruzek zera dio: «Une batean etsipena zabaldu zen, ohiz kanpoko baldintza etengabe hauek eragindako galera handiei aurre egin ezinean. Itsasoaren olatuek eramaten zuten aurrekontu bat bestearen atzetik. Ekonomiaren egoera hain larria izatera iritsi zen, non on Jose amore emateko zorian zegoen, behin sozietate murriztuaren diru-funtsak xahutu eta haren ondare osoa irentsi ondoren. Emazteak senarra etsita eta haren egitasmoak porrot egiteko zorian ikusi zituenean, horrela esan zion: Animo, Jose, kargalekua egin egingo da, urrezkoa egin beharko bagenu ere».

Kargalekua eraikitzeko aukeratutako puntua urte batzuk lehenago eraikitako isurbidetik hurbil zegoen, eta bertatik katetxoko bagonetak meaz beteta abiatzen ziren. Instalazio hauek are handiagoak egin zituzten eta baporeak kargatzen zituzten bagonetak igarotzeko maila birekin.

Kargaleku hau martxan ipintzearekin batera desagertu zen Pobeñako portua eta, gainera, ontziratzeko kaia eta katetxoko bagoneta lerroa erabili barik eta ahaztuta gelditu ziren. Kargalekuaren jarduna ezagutzeko, hainbat lekukotasun daude jasota. Armando Cruz Llosak «Cargar mineral en El Castillo» idazlanean deskribatzen ditu kargalekuaren aldi ezberdinak, bere izeba Eleonor Cruzek 24 gorde zituen argazkiak aztertuz.

Nabarmentzeko moduko informazio bat Gazteluko etxeak betetzen zuen eginkizuna zen, Rincón txokoaren gaineko itsaslabarraren goiko aldean. Ate nagusia burdinbideetara begira zegoen, eta sukaldea, logela bi, bulego gela bat eta kargalekuko egituraren mantenimenduan erabili beharreko pikotxak, palak, eslingak, eta galipot eta pinturaz betetako boteak gordetzeko biltegia hartzen zituen barruan. Ez zeukan argirik, ez urik, ez komunarik, baina telefonoa bai. Edateko ura baldetan ekartzen zuten ingurumarian zegoen iturri bakarretik — oraindik dugu, Pobeña aldera jaisten den Campomarren—, eta harrikoa egin ahal izateko, txikienek tanke batekin ura biltzen zuten, inguruetan zeuden ur-putzu ugaritatik. Kargalekuak jardunean iraun zuen bitartean, errentarik ordaintzen ez zuten zenbait familia bizi izan ziren etxe horretan, baina etxea garbi eta txukun atonduta zeukaten, eta garrantzitsuena, itsasontziak etortzen zirenean abisua helarazten zieten arduradunei, askotan, itsas bidaietan ustekabeen eraginez atzeraldi luzeak jasan behar zituztelako.

Jardunean emandako laurogei urtean, kargalekua handitzeko zenbait lan egin zituzten, itsasontzietako sotoetan kargatzeko denbora murrizteko helburuaz. Itsasoaren bat-bateko aldaketek problema larriak ekarri ohi zituzten eta, praktikoen trebezia nabarmena izan arren, maniobrak ahalik eta laburrenak egitera behartzen zituzten.

Amalia Vizcaína meatzea 1963an itxi zutenean, kargalekua abandonaturik gelditu zen eta instalazioak berehala hondatuko ziren. 1970. eko hamarkadan metalezko egituraren zati bat bakarrik kontserbatzen zen hegalean eta 2008an olatu handiek eta segidakoek eraman ere egin zuten, horrela, zimendu sendoak bakarrik gelditu arte.

Oharrak


24. Muskizko Argazki Zaharren Artxiboa. José McLennanek 1885etik aurrera egindako argazkien bilduma garrantzitsua kontserbatzen du. Argazkiak gorde izana, zalantza barik, Eleonor Cruz Pérezen sentiberatasunari esker lortu dugu. Orain dela hirurogeita hamabost urte baino gehiago, Veremundo Palomar Luengorekin ezkondu eta Bortalera bizitzera joan ziren, hain zuzen, meatze ingeniari haren zerbitzarien etxera, Tocotarro izeneko tokian. Etxe horretan argazkien kristalezko negatiboak aurkitu zituzten eta, geroan, bizitokia hiru aldiz aldatu bazuten ere, argazkien garrantziaz jabetuta, ardura handiz gorde zituzten. Urte batzuk geroago, haren Margari Pérez errainak Muskizko Udalari egin zion haien dohaintza. Udalak babestu eta digitalizatzeari ekin zion, Armando Cruz Zubizarretak eta Trueba Zentroak emandako laguntzarekin.