III. kapitulua

XIX. mende asaldatua

XIX. mendean, orotara, karlistada deitutako hiru gerra zibil izan ziren, eta erromantizismo gehiagoko edo gutxiagoko arrazoien artean, funtsean, istilu ekonomikoak izan ziren; ekonomia arrazoiak tarteko liskar gogorrak izan ziren liberalismo garapen zalearen aldekoen eta aldaketa bat ere gura ez zutenen artean.

Enkarterrin, bereziki gatazkatsua izan zen hirugarrena (1872-1876), 1874an, Somorrostroko Bataila15 odoltsua izan zen. Armada Liberala Santanderretik sartzen ari zen, karlisten lubakiak gurutzatzen saiatu zen, Bilboko setioa altxatzeko presaka, Montañoko, Murrietako eta San Pedroko (Abanto-Zierbena) lubaki karlistak gurutzatzen saiatu zen, baina ezin lortu. Borroka gogorren ondoren, Las Muñecas mendatetik igaro ziren, liskar horietan hil zen Castor Andechaga Enkarterriko jeneral karlista. Sopuertatik eta Umaran gainetik Kadagua arrora jaitsi eta Bilbo askatu zuten 1874ko maiatzaren 1ean.

Mende honen hasieratik, mahai gainean egon zen Enkarterriko zainen ustiaketa librea. Zentzu honetan, era guztietako mugimenduak izan ziren, harik eta lurra liberalizatzea eta mineralaren meategietako ustiaketa librea erdietsi arte; hori 1876ko martxoaren 13an behin betiko lortu zen Somorrostroren Aldarriarekin16.

Rafael González Orejas apaizari bere ikerketetan jarraituko diogu:

«XIX. mendean aldaketa sakonak izan ziren Enkarterriko meatzaritzaren esparruan. 1789. urtean, dagoeneko, Enkarterri erabat sartuta zegoen Bizkaiko erakundeetako egituretan. Orduan, Bizkaiko Jaurerriak, mineralen irabaziak arautuko zituzten ordenantzak ezartzeko erabateko boterea zuelarik, xedapen hauek arautzeari ekin zion (1819. urtea). Hala eta guztiz ere, Somorrostroko Haraneko Zazpi Kontzejuetako eta Barakaldoko elizateko bizilagunak eta euren ordezkariak aurka azaldu ziren; horren ondorioz, onartutako legedia ez zen indarrean jarri, eta ordura arte bezala jarraitu zuen denak."

Hirurteko Liberalen ondoren (1821-1824), Fernando VII.ak Lege eta Errege Agindu batzuk aldarrikatu zituen, beste batzuen artean, meatzeetako ustiaketan ideologia liberala eta kontzepzio burgesa txertatu zituen 1825eko uztailaren 4ko Meatzetako Legea; horrek aurka egiten zion Bizkaiko meatzaritzako funtzionatzeko modu tradizionalari. Bizkaiko agintariek lege hau ukatu zuten, bi hamarkada baino tarte luzeagoz. Orduan argudiatu zenez, meatzeetako pribilegioek Bizkaiko meatzeetako izaera komunalaren aurkakoa esaten omen zuen, Legeak araudi izaerako konpetentziak usurpatzen omen zituen, eta meatzaritza Jaurerriari eta bere Batzar Orokorrari omen zegokien. Administrazio zentralari zegokionez, Batzar Orokorraren eskumena ei zen. Batzar Orokorra 1827ko uztailaren 19an batzartu zen, eta alde bakarretik beste Meatze Araudi bat onartzea erabaki zen. Bertan monarkiaren legeria orokorra eta Bizkaiko araudi zehatzak ezkontzen saiatu ziren, Bizkaiko salbuespenekin bateragarriak ziren errege xedapenak gehitu zituzten eta kontraesanetan erortzen zirenak baztertu.

Mineral zainak aurkitzeko, aitortzeko eta eskuratzeko askatasunari dagokionez, eskubide hau Jaurerriko bizilagunetara mugatzen zen; meatze legearen arabera, berriz, Espainiako edo atzerriko edozein herritarrek zuen horretarako libertatea. Bestalde, kontzesioak17 Bizkaiko Foru Aldundiko bulegoetan bideratzen dira, eta administrazio zentraleko esku-hartze oro gaitzesten da, meatzaritzako jarduerari lotutako gaietan. Hori bai, izaera liberaleko eta meatzeak edukitzeko jatorri burgeseko jabetza erregimena mantentzen da; horrek ekoizpen egitura hobeak garatzea lagundu zuen. Araudi horren ondoriozko praxiari hainbat aldiz hartu zioten kargu estatuko autoritateek, baina ez zen inolako zuzenketarik egin.

Jaurerrian honen eragina nabaritzen zuten errepubliken erantzunak, administrazio zentralaren eta foralaren arteko antagonismoak eta gerora izan zen lehenengo karlistadak Bizkaiko meatzaritzako araudiaren aldaketa eta garapen industriala atzeratu zituen.

1868. urtetik aurrera, Bizkaiko meatzaritza berehalako burdin ustiaketa intentsiboak sortutako beharrei erantzuteko antolatu zen; hori guztia benetako boom batean amaitu zen, 1876. urtean Foruak indargabetu eta gero.

Foruak indargabetuta, erregimen liberalak edo erregimen berriak antzinako erregimen foralista ordezkatu zuen, eta beste estilo ekonomiko bat ipini zen abian: Meatzeak norbanakoen jabetzakoak izatera igaro ziren, eta minerala estatuko beste leku batzuetara esportatu zitekeen, batik bat, atzerrira »..

Eta horrela Trianoko Mendietako zainetako meatze ustiaketa erraldoia hasi zen.

Pobeña 1870. Inicios de su paulatina transformación,
recuerdos de las primeras explotaciones mineras.Pobeña 1870. Pixkanaka-pixkanaka egindako itxuraldaketaren hastapenak, lehen meatze ustiategien oroigarriak.

Oharrak


15. Somorrostroko Bataila. Somorrostroko bataila. Muskiz eta Abanto- Zierbena udalerrietan, 1874ko martxo-apirilean gertatutako bataila krudela. Aurrez aurre, liberalen 38 batailoik San Pedro-Murrieta eta Montaño inguruetako lubakietan sendo gotortutako karlisten 18 batailoiri eraso egin zieten. Gobernuaren tropa liberalek apirilaren amaiera arte ezin izan zuten pasabidea urratu Sopuertako Muñecas mendatetik aurrera, eta maiatzaren 2an Bilbora heldu ziren, karlistek setiatuta zuten hiribildutik atzera egitera behartuz.

16. Somorrostroko Aldarria. III. Karlistada amaitutakoan, (1876ko otsailean), Alfonso XII. erregeak bere tropen aurrean, 1876ko martxoaren 13an, Somorrostroko Manifestua irakurri zuen, bertan «Espainiaren batasun konstituzionala» aldarrikatzeko. Horrela, amore eman zuen, Espainia osotik, Santanderretik eta Zaragozatik batez ere, Foruak abolitzeko presioen aurrean eta legediaren batasuna eskatzen zuen Estatu liberal berriaren eskakizunen aurrean. Foru guztiak Manifestu hau irakurtzearekin batera abolituta gelditu zirela jotzen dugu. Hiru aldundiek Antonio Trueba idazle ospetsu eta Bizkaiko Artxibozain eta Kronistari beste manifestu batekin erantzuteko mandatua egin zioten. Trueba 1840.eko urteetan, Alfonso XII.a artean umea zela, Isabel II. erreginaren adiskide pertsonala izan zen. Erantzuteko manifestuan, Euskal Herriaren berezitasunak eta koroarekiko leialtasun historikoak jaso beharko zituen, erregeak liberalen helburuak berrestea ekiditeko asmoarekin. Ez dakigu Antonio Truebak egindako idatzia Alfonso XII.aren eskuetara heldu zen ala ez.

17. Kontzesioak, gainerakoak eta osagarriak. Burdin minerala ustiatzeko, Foru Aldundiak emandako kontzesioek mugatzen zituzten landu beharreko espazioak. Haien bidez, meatze konpainiek meatzeak ustiatzeko eskubideak lortzen zituzten, baina inoiz ez jabetzakoak. Gehienez, ehun urteko epean ematen ziren eta, kontzesioko urteak igarotakoan, lurrak jabeei itzuli behar zizkieten, hau da, zegozkien udalerriei, hain zuzen, beti guztion jabetzako herri lurrak zirelako. Kontzesioek ustiatzeko araudia bete behar zuten eta kanon bat ordaindu erauzitako tona bakoitzeko.