XIII. kapitulua

Orconera eta aireko tranbia

Historia Portugaleten hasi zen. Enkartazioetako herri hau hiribildu edo uri gisa 1322an eratu zuten eta, horrela, Abellanedako Batzarretan jarlekua izateari utzi zion, baina Zatitu Gabeko Trianoko Mendietan zegokion zatiaren gaineko jabetzari eutsi zion. Batzuetan, lur haien jabe izatea azaltzen zutenekin auzi luzeak eraman behar izan zituen. Mendigune honek, hau da, Trianok, Matamorosek eta Orkonera auzoak, Trianoko Mendietako meategirik handiena hartzen zuen.

Burdinaren ustiakuntza, eta batez ere zainaren ustiakuntza, maila handian egiten hasi zenean, 1858an, modu harrigarrian, «jendaurreko enkantean » aterata, Portugaleteko Udalak lur hauek Ibarra Anaiak Konpainiari saldu zizkion, abeltzainei bazkatzeko eskubidea gordetzeko salbuespen bakarrarekin.

Ibarra Anaiak Konpainiak, berriz, lur haietatik gehienak errentan Orconera Iron Ore Company Limited enpresari eman zizkion, zain meategia ustiatzeko, alokamendua eta erauzitako tona bakoitzeko ordainduz. Meatze konpainia hau 1873an Londresen eratu zutenean, espainiarrek (Ibarra Anaiek), britainiarrek (Galesko eta Durhan siderurgiek) eta alemanek (Krupp siderurgiak) ekarri zuten kapitala. Britainia Handiko ingeniariek eta geologoek kudeatuko zuten eta XIX. mendeko azken hamarkadan Francisco McLennanek zeraman gidaritza. Konpainiaren instalazioetan, hain zuzen, peoi jornalarien protestak piztu ziren eta, ustiakuntza ankerra jasatean nazkaturik, azkenean 1905ean greba orokorrera jo zuten.

Orconera Iron Orek arrakasta handiz ustiatu zuen zain meategi erraldoi hau eta Trianoko Mendietan erauzitako mineralaren ehuneko hogeia esportatzen zuen. Kontua da. XIX. mendearen amaieran, zazpi milioi tona urteko zela garrantzi handiko esportazio horien kopurua.

Hasierako kalitate bikaineko zaina agortu ondoren, baztertutako beste gai batzuk botatzearekin sortutako eskonbrotegi ugari eta izugarri handiak abandonatu zituzten. Haien lur-eremua finkatu zenean, bertan landaretza oparoa agertu zen. Askotan, landaretza hura otadiak ziren eta haien egurra galdarak martxan jartzeko erregai gisa landatzen zuten. Baziren eta badira, oraindik baten bat gelditzen delako, hasieran hondakintzat jotako material horien mendiak: landaredien lurrak, kareharriak, txirtak deitzen zituzten mea puskak, agian aspaldian hain ugari ziren txori txikien antzekoak zirelako, eta minoiak deitzen zituzten mea koskor txikiagoak.

Oxidoak eta hidroxidoak desagertu eta gutxira, konpainiak karbonatoak ustiatzen hasi ziren. Hauek etekina eman ahal izateko, kiskaltze prozesu batetik igaro behar ziren, ezpurutasunak desagerrarazteko helburuarekin, eta horrela, zain gehiago lortuz. Baina geologo argiak eta meatze kontratistak konturatu ziren lurrez betetako eremu ahaztu horietan ere, artean, burdin mea asko gordeta eta alferrik galduta zegoela. Garbikuntza prozesu baten bidez guztiz errentagarria izango zen. Horrela, mearen garbitegiak sortu zituzten. Lurrez betetako eremuak ustiatzen eta lubetak garbitzen hasi ziren, gero, aukeratutakoari ur askorekin buztinak kentzeko. «Txarra» baztertu eta «ona», hau da, txirta, aukeratzen zuten. Zain nahikoa zuten oxidoak zirelako ez ziren kiskali behar.

Ondasun berri hau ondoen aprobetxatu zuen konpainia Orconera izango zen, euren esku zeuden lurretan eskonbrotegi handiak zituelako. Horretarako, baliabideetan inbertsio handiak egin zituen eta 1906an aireko tranbia eraiki zuen, garai hartan Europako luzeena bezala jotzen zutena.

Lohiak dekantatzeko Trianoko baltsa zaharretan, Carmen VII.a meatzean, orduan lau etxe luze, eskola eta bulegoak zituen herrixka zahar batean, kargaleku handi bat altxatu zuten eta huraxe izango zen aireko tranbiaren abiapuntua. Bertatik Pobeñako Campomar gaineraino zortzi kilometroko ibilbidea egiten zuen lerrozuzenean. Faraoien gisako obra honen arrazoi nagusia eta bertan kokatzeko motiboa konpondu beharreko problema garrantzitsu bi izan ziren: errekatxoak kutsatzea saihestu nahi zutela, ur askoren beharra eta buztinez zikindutako urak biltzeko dekantazio baltsak eraiki beharra.

Hiru hamarkada baino gehiagotan, hogeita hamar bat langilek Triano-Matamorosko eskonbrotegiak desagerrarazi zituzten, Campomarreko Garbitegian deskargatuko zituzten baldeak lurrez bete zituztelako. Bertan, Pobeñatik ponpatutako itsasoko ur oparoarekin, tromel handitan garbitzen zuten eta, segidan, aukeratzeko prozesuari ekiten zioten, mea guztiz garbi eta aprobetxatzeko prest uzteko.

Ramón Adán Yartzakoa (1848-1917) ospe handiko geologoaren aipu bat aurkitu dugu. 1896an, Bizkaiko Meatze Ingeniarien Buru izendatu zuten eta, gainera, berak California-Méxikoko Monterreyko basamortuetako pinu insignis espeziarekin gure mendietan egindako birlandatzea bultzatu zuen. Aipuan, aireko tranbiaren eraikuntza arranditsua bikain azaltzen digu:

«Nabarmentzekoa da Adolf Bleichert eta Cia. aleman etxeak Orconera Iron Orerentzat muntatu duen aireko tranbia. (Trianoko) Meatzeetatik itsas bazterreko Pobeñako garbitegietara eramaten ditu lurrak eta, gero, mea garbiak Gallartako geltokira itzultzeko ere balio du, bertatik trenaren bidez Bilboko itsasadarreko kargalekuetara eramateko.

Lerroaren luzera 8.000 metrokoa da eta 210 Tona orduko garraiatu ahal du joanean eta 85 Tona orduko mea garbiaren etorrian. Gainditzen duen tartearen garaiera 350 metrokoa da. Ibilbidearen erdiko Putxetako geltokian egiten du trenbide- adarrarekin lotura eta hantxe bertan Pobeñatik datozen baldeak automatikoki baskulatzen dira eta bertatik hutsik jarraitzen dute meatzeraino. Balde bakoitzak 750 kg lur eraman ahal du garbitegi alderantz eta 1.000 kg mea garbi ekarri ahal du, 2,5 m/segundoko abiadurarekin.

Lerro hau 100 H.P.ko motor elektriko bik mugitzen dute, trakzio-kablea eta 550 balde martxan jartzeko indarrarekin, eta martxa iraunkorrari eusteko, potentzia erdia bakarrik behar du. Errail-kableak 2.000na metroko lau sekziotan zatituta daude, 32.000 kg. kontrapisuen bidez tenkaturik».

Campomarren, berriz, baldeak maneiatzeko egitura handi bat, lurrak botatzeko azpil erraldoi bat, tromelak hartzeko gela bat eta garbitutako materialak pintxeek aukeratzeko egoitzak eraiki zituzten. Instalazioen multzoa konplexua zen, zeren, elementu nagusi hauez gain, modu egokian funtzionatu ahal izateko zerbitzu ugari eskatzen baitzituen, besteak beste: baldeak eta haien lerroa zaindu eta mantentzeko zerbitzuak, itsasoko uraren gordetegiak eta garbitegiraino igotzeko punpen etxea, motor indartsuetako elektrizitate zentrala, eta, azkenik, langileak, bulegoak, zaindariak, tailerrak eta biltegiak hartzeko etxeak. Gainera, Karreras auzoan bazeuden beste instalazio batzuk, bertan garbitutako mea isurbideetan botatzeko eta, geroago, baldeetan kargatu eta aireko beste lerro batetik. Gallartara eramateko eta bertatik trenez Lutxanako kargalekuraino. Enpresa konplexu handi honetan Muskiz, Abanto-Zierbena eta Ortuellako hirurehun langile baino gehiagok lan egiten zuten, 1945ean itxi arte.