IX. kapitulua

Amalia Vizcaína kontzesioa

Gerra zibila amaituta, garaipen liberala eta Somorrostroren aldarrikapena (1876) aski berme izan ziren konpainientzat; ondorioz, beste erauzketa susperraldi bat izan zen, eta minerala kargalekuetara eramateko garraioan inbertitu zuten (meatzetako burdinbideak, plano inklinatuak, balde lerroak…), bai eta erauzketa erraztuko zuten mekanismoetan eta ustiatzeko mineral ferriko berrietako mea handitzeko prozesu berrietan ere, batik bat, karbonatoen kasuan.

Cobaronen, McLennan Meatze Konpainiak dagoeneko hamar urte zeramatzan zain handiko minerala ateratzen, baina zaina ia-ia agortuta zegoen. Landaredi ugariko muino baten lekuan lurrazal gutxi gorabehera laua geratu zen, kareharria bistan, erliebe malkartsukoa, hiru harrobik mugatua: bat, Morenillorantz; bigarrena, El Hayarantz; eta hirugarrena, itsasotik hurbil utzi zituzten isurtegi erraldoietarantz.

Meatzetako guneek lurrazala eraldatu zuten, hasieran, kiskaltze labe bat eraiki zuten, ondoren, beste bi, labeetaraino iristen zen plano inklinatu bat, eta Campomarreko Gazteluko Kargalekua izena izan zuen itsaso zabaleko zamatzeko gunea.

Alferrikakoa bihurtu zen Ortuellako kargalekuetaraino iristen zen Barrako bideko mineralaren ibilbidea, kargaleku erraldoi bat eraikita dena sinplifikatu zen, kostuak merkatu eta autonomia irabazi zen.

Meatzearen lehen planoa, putzu zabaldueta galeria eta guzti, Gervasio de la Fuente delakoak ezarri zuen, 1875ean.

Meatzea aire zabaleko putzu zabal bihurtu zen, zabalgunea zuen, eta galerietako materiala haraino iristen zen. Hegorantz, Morenillo galeria; iparrerantz, meatzea hainbat solairurekin lotzen zuen putzua, hamabost, hogeita hamar, hirurogeita hamar eta laurogeita hamar metrora. Pisu bakoitzak materiala arrastaka eramateko galeria nagusi bat zuen, eta ustiaketarako beste batzuk, zainari jarraiki, kostarekiko paraleloki, itsaso azpitik ez zen galeriarik. Putzu barruan, hogei bat meatzari lanean, zeregin modalitatean, barrena eta laztabinekin, minerala atera eta bagonetetan kargatzen; pertxeroi zaldiek arrastaka eramaten zituzten bagonetak galerietatik errailen gainetik. Minerala hiru tona eta erdiko bagonetetara isuri eta kanpora igotzen zen karga igogailuetan.

Zabalgunean, langile batek maniobrak egin eta Morenilloko eta Pozoko bagoiak plano inklinatuko errailetan kokatzen zituen trakzio kable baten bidez, ondoren, kiskaltze labeen ondora igotzen ziren bagoiak, han parrilladura baten gainean deskargatu eta karbonatoa aukeratzen zen; kiskaltze labeetara granulometria desberdinetako mineralak helarazten saiatzen ziren, horrela, minerala errazago erre zedin.

Aurkitzen zituzten mineral guztiak aprobetxatzen zituzten, tarteka, berunezko, zinkezko edo kalaminazko zain txikiak aurkitzen zituzten; zabalgunera atera eta aukeratu, garbitu eta burdin mineraletik alboratu egiten zituzten,izan ere, ezin zitezkeen labeetara bidali, horiek beste merkatu batzuetarako balia zitezkeen.

Meatzeko atal desberdinak zero kotan zeuden, bai eta laguntza elementuak ere. Konponketa eta mantentze lanetarako tailerrak, bulegoa, biltegia, botikina, makinetarako biltegia, kiskaltze labeak… Meatzea eta labeak batuta, laurogei pertsona inguruk egiten zuten lan.

Kanpoaldeko zabalgunearen atzealdean, La Rigadarantz, zabortegi bat zegoen, eta bertan deskargatzen zuen Carrascaletik minerala ekartzen zuen trenak, horretaz gain, beste eraikin batzuk eta makinak buelta ematen zueneko itxitura ere hor zeuden. Meatze hau José McLennani emandako denuntzia bat izan zen, eta ia berrogei urtez ustiatu zuen. 34ko iraultzan nabarmendu zen; iraultza saiakera hura galduta, sindikalista azpimarragarrienak Carrascalen eta Trianoko goialdeetan ezkutatu ziren, Errepublikako hegazkinek bonbardatu eta kokaleku horietatik aterarazi zituzten.

Carrascaletik zetorren minerala zuzenean iristen zen Campomarreko kargalekuan zeuden bagoietara. Hidroxidoak ziren (errubioa) eta ez zuten kiskaltze prozesurik behar.

Carrascaleko treneko isurtegi honetatik ubide bat jaiotzen zen, metro bateko zabalerako eta metro erdiko sakonerakoa eta kareharrizko lauzaz eraikia; ubide horrek euri ura jasotzen zuen meatzera erorez zedin.

Meatzariek 08:00etatik 12:00etara eta 13:00etatik 17:00etara egiten zuten lan, galerietan minerala ateratzen ibiltzen zirenak izan ezik, azken horiek zeregin modalitatean egiten zuten lan eta batzuetan goizeko hamaiketarako etxera joaten ziren. Ustiaketa urteetan zehar, meatzeak gorabehera ugari izan zituen, greba garrantzitsuak, adibidez, 1890ekoa, 1905ekoa eta 1910ekoa, meatzari batzuk kanporatuak izan ziren grebetan parte hartzeagatik, 634 errepide nazionalean mozketak izan ziren El Haya parean, istripu mingarriak...

Cobaroneko meatzeek hainbat aldiz eten zuten euren jarduera mineralaren eskari faltarengatik. Jarduerarik gabeko hilabete horietan erabat kale gorrian geratu ziren meatzariak, horrelakoetan, beste meatze batzuetan bilatzen zuten lana, gurdian fruta erostera ateratzen ziren, ondoren saltzeko, mendian lan egiten zuten arbolak ebakitzen, garbitzen edo landare ikatza egiten, azken batean, ahal zuten moduan ateratzen zuten bizimodua.

Gaur egun, Cobaroneko meatze ustiaketako oso hondakin gutxi geratzen zaizkigu, kiskaltze labeak besterik ez; oso egoera txarrean egonagatik derrigorrez zaindu beharreko ondasun garrantzitsua dira.

Cobaron 1900. Meazuloetan egindako lehen ustiategiak. Karbonatoak kiskaltzeko Josefa meatzen labeak.