II. kapitulua

Etengabeko liskarrak

Rafael González Orejas Karrantzako apaizak ezagutzen den dokumentazio apatxadaz aztertu du eta argitasunez laburbiltzen digu XVI. mende amaieratik aurrera, Enkarterriko zainen inguruan egondako auzi eta gertakari nahasiak, hain justu ere, XIX. mendearen amaieran zaina agortu zen arte, horixe izan zen Trianoko Mendietako mineralaren ustiaketa librearen aitzinsolasa. Horrela dio: «1584ko Felipe II.aren ordenantzek berresten zutenez, Koroarenak ziren meategiak, izan ere, lurra bere jabearena bazen ere, lur azpikoa, aldiz, Koroaren jabetzakoa zen. Hortik ondorioztatzen zen meatze bat ustiatu ahal izateko, norbanakoek errege lizentzia eduki behar zutela.

Bizkaian, baina, egoera bestelakoa zen, izan ere, Bizkaian, usadio eta ohiturei jarraiki, lurraren jabea lur azpiaren jabea ere bazen, eta meatokiak herrienak ziren. Fausto Elhuyarren 1783ko ikerketa baten arabera, Somorrostroko14 meategiak Enkarterriko toki eta Hiribilbuetako jabetza partikularrekoak dira, eta bertako norbanako guztiek askatasuna dute nahi duten lekuetatik minerala ateratzeko, nahi duten modura, eta norbanakoen artean ez dago inolako desberdintasunik. Hori horrela, Koroak ez zeukan inolako botererik, aipatutako arro honetako meatzeetan.

Meatzeetako konpetentzia modu nahasian partekatu zuten Bizkaiko Jaurerriak eta Enkarterrik, meategiak Enkarterrin zeuden, eta horren ondorioz, 250 urte luzetan, zenbait desadostasun eta auzi sortu ziren, hala eta guztiz ere, bi erakundeek Somorrostroko meategien izaera komunala defendatu zuten eta izaera komunal hori mantentzea lortu zuten XIX. mende hasierara arte. Baldintza horiei esker ekoizle txikiak pribilegiatuak ziren eta babestuta zeuden, meatzaritzaren garapenaren kaltetan, horrek kapitalismo industriala sektorera iristea ere oztopatu zuen. Baldintza horietan, lan egiteko erabiltzen zituzten metodoak guztiz jatorrizkoak eta oinarrizkoak ziren, izan ere, langileak neurrizko lansari bat lortzen saiatzen ziren, betiere ahalik eta gasturik txikienekin.

Avellanedako Juntetxeak bere agintarien aldetik aski nortasun eskuratu zuenean, Foruak eta izaera propioa, bertako Foruen arabera, ondasun esklusibotzat jotzen zen Enkarterriko burdin ustiaketa; Gernikako Juntetxearen arabera, berriz, berak zuen autoritatea bere arabera ondasun komuntzat jotzen zuena arautzeko, eta lurraren jabea zen Avellanedako Juntetxeko xedapenak mugatu eta aldatzen zituen, Avellanedako Juntetxeak lurraren jabetza horretan oinarritzen zuen bere boterea eta agintea, mineralekiko aginte esklusiboa izateko eskubidea mantentzen zuen, eta horren alde etenik gabeko borroka bati eutsi zion, Jaurerria justifikaziorik gabe tartean sartzen zela interpretatzen baitzuen».

Mendeetan zehar, auzi ugari sortu ziren, 1740ko uztailaren 21ean, Gernikana dostutako hitzarmen bat ezarri zen, eta ondoren, handik egun batzuetara, Avellanedan berretsi egin zen. Akordioen artean, honakoa agertzen da: «Enkarterriri ematen zaio Jaurerriak jasotzen zuen zainaren zergaren soberakin likidoaren herena, eta kontratuaren edukiaren barruan onartuta eta amaituta geratzen dira Enkarterrik Jaurerriaren aurka eta Jaurerriak Enkarterriren aurka izan dituzten asmo guztiak».

Oharrak


14. Somorrostro Harana. Enkartazioetako haran garrantzitsua da. Geografikoki, Barakaldo dugu haranaren burua eta kostalderantz, Muskizeraino zabaltzen da. Egitura politikoa, batetik, Hiru Kontzejutan (Sestao, Santurtzi eta Trapaga Haraneko San Salbatore) eta, bestetik, Lau Kontzejutan (Muskizko San Julián, Abanto behekoa, Abanto Goikoa eta Zierbena) eratuta zegoen, egitura horretatik kanpo Barakaldo (Enkartazioak 1366an utzi zituelako, elexate edo elizate bihurtzeko) eta Portugalete (1322an, uri edo hiribildu gisa eratua) gelditu zirela. Kontzejuek Trianoko Mendi Zatitu Gabeak kudeatu ohi zituzten, 1876an zatitu ziren arte. Banandu zenean, Barakaldok bere zatia hartu zuen eta Portugaletek berari zegokiona, hau da, Orkonerako eta Matamorosko zain meategi erraldoiak, 1856an saldu zizkion Ibarra familiari.